2015/11/09

HIRIA ERAIKI (II): ZAHAR ETXEAREN BERRIZTATZEA - BILLABONA (2011/01)


  [01 irudia]

BILLABONA
*Zahar etxearen berriztatzea | Refurbishment of Retirement Home
*Proiektua 2010eko apirila | Projected 2010 April
*Gauzatzea 2011eko urtarrila | Executed 2011 January 

[02 irudia]

Billabonako zahar-egoitza egungo eskakizunetara egokitu eta berriztatzea dira honako proiektuaren helburu nagusiak. Aztergai dugun lokalak, La Salvadora eremuko eraikin berri baten behe solairua hartzen du bere osotasunean, goi solairuetarako irispidea den atariari dagokion azalera salbu. 305 m2 inguruko azalera duen espazio honek, bestalde, bide publikora fatxada dauka lau begiraldeetan. Aipatu, eskuhartzearen aurretik, lokalak ez zuela inolako barne banaketarik, ezta barne zein kanpo akaberarik ere. 

Proiektuaren garapena hiru irizpide funtzional desberdinetan oinarritzen da. Batetik, espazioak barnealdean aurkezten zuen maila aldaketa, Irisgarritasun Araudiak xedatutakoaren arabera ebaztea. Lokalak, proiektuak berak zehaztutako jardueraren izaeraren araberako isolamendu maila egokia izatea bestetik, bereziki gune publikoan garatu beharreko erabilera eta jarduerei dagokienean. Azkenik, aurreikusitako programa espazio ireki eta argitsuen artikulazioaren bidez ebaztea, izaera malgua sustatuz eta barnealdea eta kanpoaldearen arteko erlazio bisual zein funtzionala landuz.

[03 irudia]

Proposamenaren lehen ezaugarria, beraz, lokala kota bakarrean garatzea izan da; hau da, eskuhartzearen aurretik zuen kota aldaketa ezabatzea. Era horretan, barne komunikazioa inolako arrapalarik gabe bermatzen da, altuera librea 2,80 metrora murriztuz.

Lokalak sarrera bakarra du espazio publikotik. Eraikinaren hego-mendebaldeko albo batean kokatu da, atari estalia osatuz bertan. Aipatu, arrapala txiki baten bidez gainditu dela kalearekiko duen 0,25 metroko kota aldaketa. Sarrera, barne espazioen artikulaziorako kokagunerik egokiena izateaz gain, Oria ibaiaren ertzeko pasealekuarekin, hau da, Remi Aiestaran ibilbidearekin zuzenean lotzen da. Atariaz gain, kanpoaldeko terraza ere ingurune horretan kokatu da.

Sarrerak lokalaren ateondora garamatza eta handik zuzenean, itxiturarik gabe, lokalaren gune publikora. Ateondoan kokatzen dira gune pribatura garamatzaten sarbideak ere; erabilera anitzeko gelara sarbide zuzena bata, gune pribatuko gainontzeko gelatara doan korridorera bestea.

Gune publikoa lokalaren ipar-ekialdeko albo batean kokatzen da, iparraldeko fatxada hartuz ia bere osotasunean. Egongelaz gain, taberna erabilerarako zerbitzuak ere barne hartzen ditu, hots, barra, sukaldea eta honi lotutako biltegia.

[04 irudia]

Gune pribatuari dagokionez, erabilera anitzeko gela, era pribatuagoan bada ere, sarrerari itsatsia agertzen da, sor daitezkeen jende pilaketa handiak kontuan hartuz. Mendebaldeko fatxada osorik hartzen du, atariarekin batera. Gune pribatuko gainontzeko espazioetara, irakurketa eta atseden gela barne, korridore baten bidez iritsi gaitezke, baita lokal osoari zerbitzu ematen dioten komun egokituetara ere.

Erabilera anitzeko gelak eta irakurketa eta atseden gelek malgutasun handia ematen diote lokalari. Hauetako gela bakoitzak erabilera autonomoa izan dezake. Hala ere, beharrezkoa balitz, espazio osoa era bateratuan erabiltzeko aukera legoke. Aldi berean, erabilera anitzeko espazioaren barne zatiketak ere eman daitezke.  

[05 irudia]

Ileapaindegi-masaia gela eta bulegoa dira erabilera pribatuena duten espazioak. Ileapaindegia eta masaia gela ere modu bateratuan edo autonomoan erabili daitezke. Gune pribatuenek lokalaren hegoaldeko fatxada hartzen dute ia osotasunean.

Honenbestez, irisgarritasun arazoei irtenbidea eman nahi dien proposamen malgua dugu honakoa. Programa kota bakar batean artikulatzeaz gain, espazio guztiek izaera ireki eta argitsua izatea lortzen da.

 [06 irudia]

***
*Argazkiak: Beltz argazki ekoizpenak