[01 irudia]
IKAZTEGIETA
*Udaletxea | Town hall
*Proiektua 2010eko
martxoa | Projected 2010 March
*Gauzatzea 2011ko
maiatza | Executed 2011 May
[02 irudia]
00*AURREKARIAK
Ikaztegietako herriak historia gorabeheratsua izan du bere erakundetzeari
dagokionean. Herri bezala sortu zenetik, Tolosarekiko, Orendain eta
Alegiarekiko, edota Orendain eta Baliarrainekiko elkartze eta lotura mota
ezberdinak ezagutu ditu. Ikaztegietaren erakundetze independentea 1.989 urtean
gauzatu zen. Historia gorabeheratsu horren ondorioz edo, Ikaztegietako
udalerriak ez du izan herriaren botere zibila barne hartzen eta irudikatzen
duen eraikinik, beste Udalerriek duten bezala.
Udaletxe berriaren eraikuntza aurrera eraman arte, hirigunean aurki
genezakeen eraikin adierazgarri bakarra San Lorenzo eliza zen, garai batean
izandako botere ia erabatekoa irudikatzen zuelarik. Horrek, lurraldearen beste
ezaugarriei loturik, espazio publiko trinko eta adierazgarrien gabezia izan du
ondoriotzat. Aipatu, honako eraikina garatu arte, Udalaren jardun
administratiboa hartara egokitutako etxe batetan garatu dela, oso baldintza
eskasetan.
Udalerriaren kokapena eta antolaketak ere zeresana du honako proiektuan.
Ikaztegietako hirigunea Oria ibaiaren ertzeko alubioizko lautada batean
aurkitzen da eta egun, N-I errepide zaharrak eta Madrid-Irun trenbideak
erdibitua agertzen zaigu. Albo batera, mendi aldera, errepidearen ertzean
luzetara garatutako hirigunea. Beste aldera, ibai aldera, San Lorenzo eliza eta
azken urteetan herria hazi ahala eraikitako bizitegi berriak. Oria ibaiaren
uholde mailak mugatzen du aipatutako hazkundea.
Udaletxe berriaren kokagunea eliza, apaiz-etxea (egun etxebizitza erabilera
duena) eta herriko eskolaren inguruan aurkitzen da. Ondorioz, bada
antolamenduan herriko eraikin publikoak bateratu eta hauen bidez espazio
publiko adierazgarriak sortzeko xedea, egun hiriguneak duen gabezia nabarmenari
erantzuteko. Zentzu horretan esan genezake, Udaletxe berriaren eraikuntzarekin
hirigunearen zentralitatea lekualdatzeko prozesuari jarraipena eman zaiola.
01*PROIEKTUAREN SINTESIA
Ikaztegietako Udaletxe berriaren egitasmoa bi funtsezko irizpideek
baldintzatu dute. Batetik, kokapenaren irakurketak;
bestetik, Udalak ezarritako beharrizanen programak.
Hala, kokapenari dagokionean, desoreka nabarmena antzematen da
laukizuzenaren lau begiraldeen artean, bakoitzak izaera, adierazgarritasun eta
garrantzi oso ezberdina aurkezten duelarik. Horrela:
Eki-mendebalde ardatzean, laukizuzenaren alde luzeetan, mendebaldeko
begiraldea da garrantzia nabarmena hartzen duena. Izan ere, elizarekin,
eskolarekin eta apaiz-etxearekin batera, “herriko plaza” osatzen baitu.
Ondorioz, mendebaldeko altxaerak adierazgarritasun berezia hartu behar du,
Udalaren ”aurpegia” irudikatzen duelarik. Ekialdeko altxaera aldiz, arruntagoa
edota funtzionalagoa da. Zentzu horretan, hirigintza fitxak berak bereiztu ditu
bi begiraldeak, mendebaldekoan “ataria” aurreikusi duelarik, behe solairuan eta
plaza aldera. Proposamenak, atariaren oreka bilatze aldera, eraikina bost bao berdinetan
zatitzen du, eta horrek oinplanoen eta altxaeren konposizioaren oinarrizko
araua eman du.
Ipar-hego ardatzean ere, laukizuzenaren alde motzetan, garrantzia berezia
hartzen du hegoaldeko begiraldeak. Egun irispide bakarra dago herriaren alde
honetara, N-I errepide zaharretik trenbide gaineko zubia gurutzatuz. Ondorioz,
Udaletxe berriaren lehen ikuspegia beti hegoaldeko altxaerarena izango da.
Gainera, iparraldeko altxaerak nahiko gertu du apaiz-etxea eta horrek,
zalantzarik gabe, adierazgarritasuna kentzen dio, trataera egokiaren beharra
areagotzen bada ere.
[03 irudia]
[04 irudia]
Bestalde, eragileak zehaztu duen beharrizanen programan, Udaleko jardueraz
gain, erabilera anitzeko aretoa eta udal liburutegia ageri dira. Ondorioz,
programaren irakurketatik eratortzen da proposamenaren oinarrizko itxuraketa.
Programa 11,5 x 20 metroko laukizuzen batetan garatu da eta erabilera anitzeko
zein osoko bilkura aretoek berebiziko garrantzia dute.
Behe solairuan, erabilera anitzeko aretoak hartzen du protagonismo nagusia. Har dezakeen
jende multzo handia ikusita, kaleko kotan kokatzeko erabakia hartu da. Horrek,
Udaletxeko sarbidea erdian ezartzea eragotzi digu. Hala, Udaletxeko sarbidea
eta komunikazioa bertikala albo batera, hegoaldeko muturrera, eraman da. Era
horretan hirigune aldera elementu adierazgarri bat sortzen da, Udalaren “botere
zibila” irudikatuko duen “dorrea”, eraikineko komunikazio gune bertikala barne
hartzen duena, trinkoa eta ia baorik gabea.
[05 irudia]
Bestalde, solairu bakoitzean erabilera ezberdinak aurreikusten direnez,
komunikazio gune independentea proposatzen da; hau da, edozein solairura igo
edo jaisteko gainontzekoetatik igarotzera behartzen ez duena.
Aipatu, behe solairuko “ataria” Herriko Eskola eta apaiz-etxearen eraikinek
osatzen duten karrikaren jarraipen bezala irudikatzen dela. Atariak kristaldun
bao zabala du erabilera anitzeko aretora, eguraldiaren arabera zabaldu
daitekeena, aretoak eta plazak bat eginaz. Erabilera anitzeko espazioan biltegi
eta aldagela erabilera izango duen gela ere aurreikusi da.
Lehen solairuan, aldiz, garatzen da “udaletxea” bera. Osoko bilkura aretoaren kokapenak,
zentratua eta “herriko plazari” begira, baldintzatzen du oinplanoaren egitamua,
hura inguratzen duen korridoreak gainontzeko bulego eta geletara
garamatzalarik.
[06 irudia]
Azkenik, bigarren solairuan, udal liburutegia, KZ gunea barne,
eta jendarte zerbitzutako bulegoa, itxaron-gela txiki bat duena, aurkituko
ditugu.
Honako proiektuaren bitartez, beraz, udalerriak beharrezkoa zuen
udaletxearen eraikuntza aurrera eramaten da, multzo publikoa kontsolidatuz eta
bertan herritarren erabilera zuzenera bideratutako funtzioak (liburutegia,
balio anitzeko aretoa) txertatuz.
[07 irudia]
***
*Argazkiak: Beltz
argazki ekoizpenak