2015/10/28

HIRIA ERAIKI (I): UDALETXEA - IKAZTEGIETA (2010/05)

[01 irudia]

IKAZTEGIETA
*Udaletxea | Town hall
*Proiektua 2010eko martxoa | Projected 2010 March
*Gauzatzea 2011ko maiatza | Executed 2011 May

[02 irudia]

00*AURREKARIAK

Ikaztegietako herriak historia gorabeheratsua izan du bere erakundetzeari dagokionean. Herri bezala sortu zenetik, Tolosarekiko, Orendain eta Alegiarekiko, edota Orendain eta Baliarrainekiko elkartze eta lotura mota ezberdinak ezagutu ditu. Ikaztegietaren erakundetze independentea 1.989 urtean gauzatu zen. Historia gorabeheratsu horren ondorioz edo, Ikaztegietako udalerriak ez du izan herriaren botere zibila barne hartzen eta irudikatzen duen eraikinik, beste Udalerriek duten bezala.

Udaletxe berriaren eraikuntza aurrera eraman arte, hirigunean aurki genezakeen eraikin adierazgarri bakarra San Lorenzo eliza zen, garai batean izandako botere ia erabatekoa irudikatzen zuelarik. Horrek, lurraldearen beste ezaugarriei loturik, espazio publiko trinko eta adierazgarrien gabezia izan du ondoriotzat. Aipatu, honako eraikina garatu arte, Udalaren jardun administratiboa hartara egokitutako etxe batetan garatu dela, oso baldintza eskasetan.

Udalerriaren kokapena eta antolaketak ere zeresana du honako proiektuan. Ikaztegietako hirigunea Oria ibaiaren ertzeko alubioizko lautada batean aurkitzen da eta egun, N-I errepide zaharrak eta Madrid-Irun trenbideak erdibitua agertzen zaigu. Albo batera, mendi aldera, errepidearen ertzean luzetara garatutako hirigunea. Beste aldera, ibai aldera, San Lorenzo eliza eta azken urteetan herria hazi ahala eraikitako bizitegi berriak. Oria ibaiaren uholde mailak mugatzen du aipatutako hazkundea.

Udaletxe berriaren kokagunea eliza, apaiz-etxea (egun etxebizitza erabilera duena) eta herriko eskolaren inguruan aurkitzen da. Ondorioz, bada antolamenduan herriko eraikin publikoak bateratu eta hauen bidez espazio publiko adierazgarriak sortzeko xedea, egun hiriguneak duen gabezia nabarmenari erantzuteko. Zentzu horretan esan genezake, Udaletxe berriaren eraikuntzarekin hirigunearen zentralitatea lekualdatzeko prozesuari jarraipena eman zaiola.


01*PROIEKTUAREN SINTESIA

Ikaztegietako Udaletxe berriaren egitasmoa bi funtsezko irizpideek baldintzatu dute. Batetik, kokapenaren irakurketak; bestetik, Udalak ezarritako beharrizanen programak.

Hala, kokapenari dagokionean, desoreka nabarmena antzematen da laukizuzenaren lau begiraldeen artean, bakoitzak izaera, adierazgarritasun eta garrantzi oso ezberdina aurkezten duelarik. Horrela:

Eki-mendebalde ardatzean, laukizuzenaren alde luzeetan, mendebaldeko begiraldea da garrantzia nabarmena hartzen duena. Izan ere, elizarekin, eskolarekin eta apaiz-etxearekin batera, “herriko plaza” osatzen baitu. Ondorioz, mendebaldeko altxaerak adierazgarritasun berezia hartu behar du, Udalaren ”aurpegia” irudikatzen duelarik. Ekialdeko altxaera aldiz, arruntagoa edota funtzionalagoa da. Zentzu horretan, hirigintza fitxak berak bereiztu ditu bi begiraldeak, mendebaldekoan “ataria” aurreikusi duelarik, behe solairuan eta plaza aldera. Proposamenak, atariaren oreka bilatze aldera, eraikina bost bao berdinetan zatitzen du, eta horrek oinplanoen eta altxaeren konposizioaren oinarrizko araua eman du.

Ipar-hego ardatzean ere, laukizuzenaren alde motzetan, garrantzia berezia hartzen du hegoaldeko begiraldeak. Egun irispide bakarra dago herriaren alde honetara, N-I errepide zaharretik trenbide gaineko zubia gurutzatuz. Ondorioz, Udaletxe berriaren lehen ikuspegia beti hegoaldeko altxaerarena izango da. Gainera, iparraldeko altxaerak nahiko gertu du apaiz-etxea eta horrek, zalantzarik gabe, adierazgarritasuna kentzen dio, trataera egokiaren beharra areagotzen bada ere.

[03 irudia]

[04 irudia] 

Bestalde, eragileak zehaztu duen beharrizanen programan, Udaleko jardueraz gain, erabilera anitzeko aretoa eta udal liburutegia ageri dira. Ondorioz, programaren irakurketatik eratortzen da proposamenaren oinarrizko itxuraketa. Programa 11,5 x 20 metroko laukizuzen batetan garatu da eta erabilera anitzeko zein osoko bilkura aretoek berebiziko garrantzia dute.

Behe solairuan, erabilera anitzeko aretoak hartzen du protagonismo nagusia. Har dezakeen jende multzo handia ikusita, kaleko kotan kokatzeko erabakia hartu da. Horrek, Udaletxeko sarbidea erdian ezartzea eragotzi digu. Hala, Udaletxeko sarbidea eta komunikazioa bertikala albo batera, hegoaldeko muturrera, eraman da. Era horretan hirigune aldera elementu adierazgarri bat sortzen da, Udalaren “botere zibila” irudikatuko duen “dorrea”, eraikineko komunikazio gune bertikala barne hartzen duena, trinkoa eta ia baorik gabea.


 [05 irudia]

Bestalde, solairu bakoitzean erabilera ezberdinak aurreikusten direnez, komunikazio gune independentea proposatzen da; hau da, edozein solairura igo edo jaisteko gainontzekoetatik igarotzera behartzen ez duena.

Aipatu, behe solairuko “ataria” Herriko Eskola eta apaiz-etxearen eraikinek osatzen duten karrikaren jarraipen bezala irudikatzen dela. Atariak kristaldun bao zabala du erabilera anitzeko aretora, eguraldiaren arabera zabaldu daitekeena, aretoak eta plazak bat eginaz. Erabilera anitzeko espazioan biltegi eta aldagela erabilera izango duen gela ere aurreikusi da.

Lehen solairuan, aldiz, garatzen da “udaletxea” bera. Osoko bilkura aretoaren kokapenak, zentratua eta “herriko plazari” begira, baldintzatzen du oinplanoaren egitamua, hura inguratzen duen korridoreak gainontzeko bulego eta geletara garamatzalarik.


[06 irudia]

Azkenik, bigarren solairuan, udal liburutegia, KZ gunea barne, eta jendarte zerbitzutako bulegoa, itxaron-gela txiki bat duena, aurkituko ditugu.

Honako proiektuaren bitartez, beraz, udalerriak beharrezkoa zuen udaletxearen eraikuntza aurrera eramaten da, multzo publikoa kontsolidatuz eta bertan herritarren erabilera zuzenera bideratutako funtzioak (liburutegia, balio anitzeko aretoa) txertatuz.  



[07 irudia]

***

*Argazkiak: Beltz argazki ekoizpenak

No comments:

Post a Comment