2015/10/08

HIRIA PENTSATU (I): HAPO-AREN DIAGNOSTIKOA – BEASAIN (2015/04)



[01 irudia]

BEASAIN
*Hiri Antolamendurako Plan Orokorra. Diagnostikoa | General Urban Plan. Diagnosis
*Aurkezpena 2015eko apirila | Presentation April 2015
*Hiritarren Parte Hartze Prozesua 2015eko urtarrila-otsaila | Citizen Participation Programme January-February 2015

[02 irudia]

Azken urteotan ikasi dugu hirigintzak ere aldaketa sakon bat behar duela eta oinarri berrien gainean eraiki behar ditugula herriak. Beraz, Plan Orokor berria erronka bat da.
Batetik, hirigintza egiteko modua bera aldatu behar da, herritarrak izan behar dutelarik benetako protagonismoa, eta hori kasu honetan hasera haseratik aintzat hartu den irizpidea da prozesu parte hartzaile honetan.

Bestetik, Plan Orokorraren edukiak ere oinarri berriak behar ditu, diagnosi fasetik bertatik aplikatzen saiatu garenak.

Horrela, eraikitako lurzorua antolatzea lehenesten zuen hirigintzak orain arte, ingurumena giza jardueraren kokaleku eta baliabide hutsa zelarik. Gure ustez, ingurumena hori baino askoz gehiago da, eta horrek islada du diagnosiaren egituran ere, ingurumen azterketak eraikitako herriaren azterketak bezain besteko garrantzia eta hedapena hartzen baitu.

[03 irudia]


Honako blogean, diagnostikoaren azalpen osoa eskaini baino beasaindar guztien zerbitzura jarritako dokumentuaren ondorio nagusien zertzeladak besterik ez ditugu emango.

Diagnostikotik nabarmendu behar dugun ideia nagusia, eredu aldaketarena da.

Orain arte, sektorizazioaren eta hedapenaren aldeko apustua egin da, ibai ertzetako lautadak ia erabat okupatuz eta artifizializatuz, bizitegiaren eta industria extensiboaren erabilerak bertan kokatzeko.

Horrela, nekazaritzarako lurrik hoberenak galdu dira eta lehen sektoreak atzerakada handia izan du, eta ondorioz, landa ingurunea, auzo zein naturgune, isolatua eta baztertua dago, herrigunearekiko “haustura” nabarmena delarik.

Aldiz, badira aukerak munduko herrialde aurreratuenen giza-garapen eta ekonomia eredu estandarretara gerturatzeko, mundu mailan ematen ari den eredu aldaketari aurre hartzeko asmoz. Adibidez:

· Lehen sektorea jarduera ekonomiko garrantzitsu gisa ulertzea, BPG-ean duen pisua handituz eta, bide batez, “elikadura burujabetza” sustatuz.

· Etorkizuneko industria eredua berrikuntzan eta ezagutzan oinarrituko da, eta horrek egungo industriagune degradatuen ingurumen baldintzak berreskuratzea eskatzen du, bide batez, erabilera aniztasunaren aldeko apustua eginez.

· Zentzu horretan, beharrezkoa da, batetik, balio erantsi altuko zerbitzu jarduerak txertatzea eta ekintzailetza sustatzea, eta bestetik, ingurumenari loturiko turismo sektorea indartzea.

· Azkenik, aukera handiak daude “energia burujabetzan” aurrerapauso nabarmenak egiteko, biomasaren energia iturria baliatuz, eta bide batez, basogintza eta landa auzoen garapen endogenoa sustatuz.

[04 irudia]

[05 irudia]


Laburbilduz, hedapenaren eta lurzorua xahutzearen eredutik, natur baliabideen eta lurzoruaren “birkualifikazioaren” eredura urratsa emateko unea da. Zentzu horretan, esanguratsua da egun indarrean diren Arau Subsidarioek  aurreikusitako mila etxebizitzatik gora eta 130.000 m2 inguruko azalera industriala garatu gabe egotea. Datu hau aukera bezala ulertzen dugu eta ondoren aipatzen diren ondorioak beharrezko jotzen dugun eredu aldaketaren osagarri dira. Horrela:

·   Urbina-Maltzaga ardatzaren eta Abiadura Handiko Trenaren eraikuntzak Beasainek historikoki izan duen bidegurutze izaera ahultzen du, nahiz eta aukera bat ere badiren bestelako hiri-garapenari dagokionez.

·  Oso komenigarri jotzen da Beasain-Ordizia-Lazkao + Olaberria hiri-jarraiaren garapen sozio-ekonomikorako estrategia bateratuak sustatzea, eta ondorioz, baita hiri-garapen estrategiak ere.

·  Beasaingo hiri-egitura osatzen duten hiru ardatzen (herrigunea-industriagunea-landa auzoak) jarraikortasuna eta kohesioa indartu behar dira, egungo hausturak ekidinez.

·  Zentzu horretan, landa auzoek (Arriaran, Garin, Astigarreta eta Aratz- Matxinbenta) osatzen duten ardatzaren garapen integrala sustatuko duen Plan Zuzendaria egita proposatzen da, lurralde eremu osoaren ekonomia garapena, ekipamenduak, etxebizitza beharrak, energia baliabideak, eta abar, modu bateratuan aztertu eta antolatu asmoz, eta noski, auzo bakoitzaren izaera berezitua zalantzan jarri gabe.

·  Bide azpiegiturei dagokienez, beharrezkoa jotzen da trafoikoaren hiru “mailak” (bertakoa, eskualdekoa eta kanpokoa) ongi bereiztea eta antolatzea. Egun nahasketak ematen dira eta horrek arazoak sortzen ditu.

· Herriguneari buruz, eredu “polizentrikoa” baino, herrigunea “zintro” bakar eta osoa bezala egituratzea komeni dela deritzogu, auzoen berezko izaera ezabatu gabe. Horretarako, beharrezkoa da barne kohesioa eta komunikazioa sustatzea, barne mugikortasuna indartuz eta ekipamenduak berrantolatuz. Olaran eraikinak funtzio garrantzitsua bete behar du barne kohesioari dagokionez.

· Bestalde, herrigunea eta naturaren arteko harremana berreskuratu behar dela deritzogu, egungo mugak eta haustura deseginez: landa gunearekiko harremana, Sagastiguti parkea, Errekarte edota Ugartemendi eremuetan; Oria eta Eztanda ibaiekiko harremana, Ezkiaga auzoan, Igartza multzoan eta Ubiotz eremuan.

· Etxebizitzari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren zuzentarauek 550 etxebizitzaren beharra aurreikusten dute hurrengo 8 urteetarako, eta Beasainen egun 480 etxebizitza huts daude. Ondorioz, etxebizitza berrien sustapenak oso neurtuak izan beharko lukete, gure ustez.

· Bukatzeko, hiru dira herrigunean arreta berezia merezi duten eremuak: Zaldizurreta/Senpere bidegurutzea; Katea/Eztanda/Antzizar bidegurutzea; eta, azkenik, Geltokia/Bernedo eremua.



[06 irudia]

***

*[01 irudia: Herritarren hartze prozesutik eratorritako ondorio planoa]
*[02 irudia: Herritarren hartze prozesuan egindako bilerak]
*[03 irudia: Beasain eta eskualdeko garapen historikoaren eskema]
*[04 irudia: Etorkizuneko mugikortasun ereduaren islada]
*[05 irudia: Egungo behe oineko aktibitatearen interpretazioa]
*[06 irudia: Ondorioen sintesia]

No comments:

Post a Comment