2015/10/20

HIRIA MOLDATU (I): ORIAMENDI KALEKO HIRITARTZE LANAK – BEASAIN (2015/04)



BEASAIN
*Oriamendi Kaleko Hiritartze Lanak | Urbanisation of Oriamendi Street
*Proiektua 2014ko apirila | Projected 2014 April
*Gauzatzea 2015eko apirila | Executed 2015 April



*AURREKARIAK

Beasaingo udalerriko dentsitate altuko hiri eremuan aurkitzen da Oriamendi kalea, bi alboetan kokatutako bizitegi eraikinen profila bost solairukoa izanik, orohar. Eraikinen tipologiari dagokionez, tratamendu ezberdina ematen zaie alde bateko zein besteko behe solairuei. Iparraldeko eraikinetako behe solairuek bizitegi erabilera duten bitartean, hegoaldeko eraikinetan ezkaratzak eta parking pribatuetarako sarbideak salbu, merkataritza erabilerara bideratutako lokalak dira nagusi.

Proiektuaren eremuak Oriamendi kalearen tarte bat soilik hartzen du bere baitan, Erauskin plaza eta Garmendia Otaola kaleen artean kokatutakoa, hain zuzen ere. Eskuhartzearen aurretik, espazioak antolaketa berdina mantentzen zuen tarte osoan, 20 metro inguruko zabaleran: 2,60 metroko zabaleradun espaloi bana alde bakoitzean eta 14 metro inguruko galtzada erdian. Bertan, norabide bikoitzeko zirkulazio erreiez gain, ilarako zein bateria moduko aparkalekuak kokatzen ziren. Urbanizazioa osatzen zuten elementuei dagokienez, bi espaloietako zoladura egoera kaxkarrean zegoela nabarmendu behar dugu.

Beraz, obra aurreko antolaketaren baitan, motodun ibilgailuei kalearen zabaleraren %71a bideratuta zegoen bitartean, oinezkoentzat %29a soilik erreserbatzen zen.

   
**PROIEKTUAREN XEDAPENA

Eskuhartze honen helburua Erauskin plaza eta Garmendia Otaola kaleen artean kokatzen den Oriamendi kaleko tartearen hiritartze baldintzak hobetzea izan da, bereziki, oinezko zein bizikleta bidezko mugikortasuna garatzeko baldintzei dagokienean.

Programa eta helburu zehatzak honakoak lirateke: 

· Udalerriko motordun ibilgailuen trafikoa baretu eta gutxitzearen irizpide nagusiari jarraiki, Oriamendi kaleko tarte honetan ekialderako norabidea (Erauskin plazara) duen erreia ezabatu.

· Oinezkoei bideratutako guneen baldintzak hobetu, hegoaldeko espaloia zabalduz eta iparraldeko espaloiaren ondoan bizikleta-bide berria ezarriz.

· Udalerriko interes gune nagusienak lotuko dituen bizikleta bidezko mugikortasuna bermatzearen irizpide nagusiari jarraiki, bizikleta bide berria egokitu.

· Kale tarteari izaera hiritarragoa emate aldera, argiteria eta espaloietako zoladura berriztatu eta landaredia txertatu.

· Motordun ibilgailuentzako aparkaleku kopurua mantendu.

· Ur hornidura sarea zaharkituta aurkitzen denez, burutuko diren hiritartze lanak berau berriztatzeko probestuko dira.

· Egungo saneamendua bateratua dela eta, sare bereizi berria egitea proposatzen da, euri urak eta ur zikinak sare ezberdinetan jasoaz.



Arestian aipatutako helburuak betetzeko asmoz, eta motordun ibilgailuei eta oinezko zein bizikleta erabiltzaileei bideratutako espazioak orekatzearren, kalearen berrantolaketa proposatu da. Horretarako motordun ibilgailuei bideratutako ekialderako norantza duen erreia ezabatu da, Oriamendi kalean dagokigun tartea norabide bakarrekoa izatera pasatuz. Errei bat ezabatzearen ondorioz gelditzen den espazioa mugikortasun ez-motorizatuari bideratu zaio, oinezkoei eskeinitako hegoaldeko espaloia zabalduz, batetik, eta norantza bikoitzeko bizikleta bide berria txertatuz, bestetik.

Hegoaldeko espaloiaren zabaltzeak, gainera, galtzadan kokatutako ilarako zein bateria moduko aparkalekuak eta norabide bakarreko erreia birkokatzea eskatu du.

Esan bezala, eskuhartzearen ezaugarri nagusietako bat, bi noranzko bizikleta bidearen egokitzapena izan da. Bizikleta bide hau Bizikleta Planean aurreikusitako bigarren ardatza deiturikoa osatzen duen lehen tartea izanik, ez du jarraipenik izango bi muturretan hurrengo atalak gauzatu bitartean. Honetaz gain, bizikletentzako aparkalekuak egokitu dira bizikleta bidearen inguruan. Iparraldeko espaloian lorontziak ezarriko diren zerrenda berean kokatu dira, bizikletak uzterakoan oinezkoen pasabidea ez oztopatzearren.


Urbanizazioa osatzen duten elementuei dagokionez, bi espaloietako zoladurak zein zolarriak berriztatu dira. Gainera, espazioaren berrantolaketaren ondorioz, eta kaleari izaera hiritarragoa ematearren, kale-argi berriak ezartzea aurreikusi da, dagokion gutxieneko argiztapen mailak bermatuz.

Honako hiritartze lanen bitartez, beraz, Beasaingo Oriamendi kalea berpiztea, berriztatzea lortu da, udalerriko atal honetan bizikleta eta oinezkoei protagonismoa emanez. Berrantolaketaren ondorioz, motodun ibilgailuei kalearen zabaleraren %49a bideratu zaie eta oinezko zein bizikletentzat %51a.




 ***
  
*[Argazkien iturria: Beltz argazki ekoizpenak]

No comments:

Post a Comment