2014/11/11

IBARRAKO SAN BARTOLOME PLAZA ESTALTZEKO LEHIAKETA



Plazan eliza, plazan udaletxea, plazan komertzioa, plazan Ibartarrak… estalpe soil batetaz haratago doan elementua, plaza egituratu, ekimenez bildu eta ondareak kokatzen dituena.




*SAN BARTOLOME PLAZA…. Ibarrako elementuek topo egiten duten tokia, San Bartolome plaza; herri bideak, errekak eta baratzak, bertako zubitxoan, berau handi bilakatuz, “ZUBI” hitzaren hizki lar guztiekin.

Eliza errekarekin bat, haren norabidean, harekin gatazka ekidinez, haren laztan geldoak goxatuz. Udaletxea ezeren erdi, ezeren ondoan, ezeren mahaiburu. Zubi handitik datorren fluxua eman dadin alboratuz, plazako hutsunearen ardatz  lauso hipotetiko batean edo.

Eliza eta udaletxea zeharka elkar begiratuz, haserre baleude bezala, ezer elkarbanatzeko ez balute bezala, plaza horretan inor ez balira edo.

Definizio gutxiko espazioa dugu; zaila da jakitea non hasi eta non bukatzen den. Horrek zailtzen die eliza eta udaletxeari bertan behar bezala kokatzea, gailentzea, elkarbanatzea.



*HELBURU NAGUSIA: PLAZAREN EGITURAKETA… Gune estali bat sortzeaz haratago, gure proposamenaren xedea San Bartolome plaza egituratzea da, baita plazak egun dituen elementuak hobe artikulatzea, bai beraien artean, baita espazio estali berriarekin ere.

Plazaren sakonean erreferentzia formal berri bat sortzen dugu, plaza osatzen duten mugak zehazten eta ulertzen laguntzen duena. Forma honek ate izaera du, plazara sartzeko une eta tokia zehaztuz eta gainera sartzeko unean plazako elementu nagusiak marko baten barruan sartzen ditu.

Plazaren espazioa zehazterakoan, plazaren erdigunea definitzen da eta berau udaletxearen aurrean kokatzen, sotilki elizara begira, bi elementu hauei aitortuz plazako mahaiburu izaera.

Beraz, eliza plaza nagusira begira jartzen dugu, behar bezelako posizio emanez, eta udalak plazaren ardatz bereganatzen du, bi espacio libre-huts dituelarik alboi bakoitzean, Ibarrak hain bere duen espazio huts librea.



*PLAZAREN ARTIKULAZIOA… Plaza nagusiak intentsitate desberdineko hainbat fluxu jaso eta sortu egiten ditu; halere, zubitik ikastola eta polikiroldegi aldera abiatzen den fluxua jasaten du. Plaza akotatzen duen estalkiarekin, sortutako atearen ostean, espazio osagarri bat eratu egiten da, plaza nagusiaren atari litzatekeena. Honetaz gain, ezin dugu ahaztu ekialdean sortu berri den haur parkea zirkulazio berrietara eransten dela. Azkenik, beste estalkiak, sarrera, estalitako espazio berriarekin lotzen du. 
 
Espazio bat estaltzeaz gain, beste zeozer eskeini behar dio plazari, argudi gehiagarriak behar dira gune bat estaltzeko.

 

*ERAIKINA EZ… Ez dugu eraikin bat sortu nahi, ezta beharra ikusten ere. Nahiz eta egiturak presentzia izan, argia bete-betean estalkipean sartuz, presentzia astuna ekidin nahi dugu, flotazio sentsazioa lortuz.
 
Udaletxea hutsuneak finkatuko du, Ibarrak berezko dituen hutsuneak; bi aldetara baratzek so egiten dien bi hutsune. Eraberean estalkiak frontoitxoruntz duen azal bertikala, fatxada horma landaredun proposatzen dugu hutsunearen norantzaren izaerari egokituz, inolaz ere eraikin bihurtu ez dadin.



*(ERA)BILERA ANITZA… Erabilera anitzetara moldatzeko eginkizuna, estalki elementutik at jartzen dugu. Estalkia hor dago firme eta espazio estali ederra eskeintzen dio herriari.

Estalkipeko antolakuntza, eskakizun eta ekimen desberdinetara moldaketa edota egokitzapenak, palet elementuekin proposatzen dugu. Merkeak, gizakiek manipulatzeko zama egokikoak, aukera anitzak ematen dituzte gradak, hormak, erakustokiak, eskilarak, eskenatokiak, mahaiak, eserlekuak, eta abar luze sortzeko.