Plazan eliza, plazan udaletxea,
plazan komertzioa, plazan Ibartarrak… estalpe soil batetaz haratago doan
elementua, plaza egituratu, ekimenez bildu eta ondareak kokatzen dituena.
*SAN BARTOLOME PLAZA…. Ibarrako
elementuek topo egiten duten tokia, San Bartolome plaza; herri bideak, errekak
eta baratzak, bertako zubitxoan, berau handi bilakatuz, “ZUBI” hitzaren hizki
lar guztiekin.
Eliza errekarekin bat, haren norabidean, harekin gatazka ekidinez,
haren laztan geldoak goxatuz. Udaletxea ezeren erdi, ezeren ondoan, ezeren
mahaiburu. Zubi handitik datorren fluxua eman dadin alboratuz, plazako
hutsunearen ardatz lauso hipotetiko batean
edo.
Eliza eta udaletxea zeharka
elkar begiratuz, haserre baleude bezala, ezer elkarbanatzeko ez balute bezala,
plaza horretan inor ez balira edo.
Definizio gutxiko espazioa dugu;
zaila da jakitea non hasi eta non bukatzen den. Horrek zailtzen die eliza eta
udaletxeari bertan behar bezala kokatzea, gailentzea, elkarbanatzea.
*HELBURU NAGUSIA: PLAZAREN
EGITURAKETA… Gune estali bat sortzeaz haratago, gure
proposamenaren xedea San Bartolome plaza egituratzea da, baita plazak egun
dituen elementuak hobe artikulatzea, bai beraien artean, baita espazio estali
berriarekin ere.
Plazaren sakonean erreferentzia
formal berri bat sortzen dugu, plaza osatzen duten mugak zehazten eta ulertzen
laguntzen duena. Forma honek ate izaera du, plazara sartzeko une eta tokia
zehaztuz eta gainera sartzeko unean plazako elementu nagusiak marko baten
barruan sartzen ditu.
Plazaren espazioa zehazterakoan,
plazaren erdigunea definitzen da eta berau udaletxearen aurrean kokatzen, sotilki elizara begira, bi elementu hauei aitortuz plazako mahaiburu
izaera.
Beraz, eliza plaza nagusira
begira jartzen dugu, behar bezelako posizio emanez, eta udalak plazaren ardatz
bereganatzen du, bi espacio libre-huts dituelarik alboi bakoitzean, Ibarrak
hain bere duen espazio huts librea.
*PLAZAREN ARTIKULAZIOA… Plaza
nagusiak intentsitate desberdineko hainbat fluxu jaso eta sortu egiten ditu;
halere, zubitik ikastola eta polikiroldegi aldera abiatzen den fluxua jasaten
du. Plaza akotatzen duen estalkiarekin, sortutako atearen ostean, espazio
osagarri bat eratu egiten da, plaza nagusiaren atari litzatekeena. Honetaz
gain, ezin dugu ahaztu ekialdean sortu berri den haur parkea zirkulazio
berrietara eransten dela. Azkenik, beste estalkiak, sarrera, estalitako espazio
berriarekin lotzen du.
Espazio bat estaltzeaz gain,
beste zeozer eskeini behar dio plazari, argudi gehiagarriak behar dira gune bat
estaltzeko.
*ERAIKINA EZ… Ez dugu
eraikin bat sortu nahi, ezta beharra ikusten ere. Nahiz eta egiturak presentzia
izan, argia bete-betean estalkipean sartuz, presentzia astuna ekidin nahi dugu,
flotazio sentsazioa lortuz.
Udaletxea hutsuneak finkatuko
du, Ibarrak berezko dituen hutsuneak; bi aldetara baratzek so egiten dien bi
hutsune. Eraberean estalkiak frontoitxoruntz duen azal bertikala, fatxada horma
landaredun proposatzen dugu hutsunearen norantzaren izaerari egokituz, inolaz
ere eraikin bihurtu ez dadin.
*(ERA)BILERA ANITZA… Erabilera
anitzetara moldatzeko eginkizuna, estalki elementutik at jartzen dugu. Estalkia
hor dago firme eta espazio estali ederra eskeintzen dio herriari.
Estalkipeko antolakuntza, eskakizun
eta ekimen desberdinetara moldaketa edota egokitzapenak, palet elementuekin
proposatzen dugu. Merkeak, gizakiek manipulatzeko zama egokikoak, aukera
anitzak ematen dituzte gradak, hormak, erakustokiak, eskilarak, eskenatokiak,
mahaiak, eserlekuak, eta abar luze sortzeko.
No comments:
Post a Comment